Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Atzo Bilbo Hiria Irratian.

Atzo oso ondo pasatu nuen Patxi eta Jabirekin irratian. Ubunturi buruz, Eskola 2.0 proiektuari buruz eta beste gauza askori buruz hitz-egin genuen. Programa osoa entzun nahi baduzu irratia.com-en daukazu.

Gaur irratira

Bilbo Hiria Irratiko Patxi Gaztelumendik gonbidatuta, arratsaldeko seietan, irratian izango gara Ubuntu sistema eragileari buruz nontzeberri, eta baita Ubuntu Basque Experience proiektuari buruz hitz-egiten ere.

Zuzenean entzuteko 96.0 FM dialean daukazue edo bestela uste dut Patxik eta Jabik irratia.com webgunean eskegiko dutela grabazioa.

Ubuntu 9.10 Karmic Koala. Lehen inpresioak.

Bueno, egin dut eguneraketa 9.04tik 9.10era eta nahiko ondo joan da asuntoa. Ia ordu bete iraun du eguneraketa jaistea eta instalatzea.

Nabaritzen den lehenengoko gauza sarrerako prozesua aldatu dela da: irudiak, estiloa,... Dena den, ez zait gustatzen hasierako pantaila, zeren eta erabiltzaileak ez dira eskuz sartu behar. Zerrenda batetik aukeratu behar duzu zure erabiltzailea eta niretzako horrek seguritate arazoak ekar litzake.

"Theme" berria ere ez da ezer berezia. Laranja kolorea marroiarengatik aldatu da.

Kernelaren eta Gnomeren bertsio berriak uste dut nabaritzen direla ordenagailua abiarazterakoan.

Hasiera baten hizkuntza sostengua ez da osorik instalatu eta horrek arazo txiki batzuk sortu dizkit. Behin hizkuntza sostengua instalatuta arazo guztiak desagertu dira. Dena den, OpenOffice-eko Impress, Base eta Calc desagertu egin zaizkit menuetatik. Honek Ubuntu Software-Biltegia erabiltzeko aukera eman dit zeren badirudi dagoeneko OpenOffice-ko euskarazko bertsioa repositorietan dagoela. Ba zen garaia! (Instalazio garbi bat euskaraz egiten baduzu ere badirudi ondo instalatzen dela euskarazko bertsioa).

Software-biltegia oso aplikazio ona iruditu zait eta asko errazten du aplikazio berriak instalatzea. Gainera informazio piloa eskaintzen du aplikazio bakoitzeko.

Bideo txartelaren kontrola hobeagoa ere nabaritu dut. Leihoak azkarrago ireki eta ixten dira. Lehenetsitako karaktereak ere hobeto ikusten dira.

Azkenik makina oso azkar itzaltzen da. Nik esango nuke hiru lau segundotan itzali dela.

Oraindik ez dut beste gauza nabarmenik ikusi. Hori bai, ematen du ordenagailu berria daukadala!!

Badator Ubuntu 9.10 Karmic Koala

Bihar urriak 29 kaleratuko da Ubunturen 9.10 bertsioa, Karmic Koala izena duena.

Bertsio berri honek agian ez du ekarriko espero zen iraultza eta hurrengo apirilerarte itxaron beharko dugu. Dena den koala honek ere badakar zenbait berrikuntza bere sakelean:

  • Lehenbiziko aldaketak sistema abiarazterakoan nabarituko ditugu, bai irudiari dagokionez eta baita abiadurari. Gainera Grub2 erabiltzen du abiarazteko kudeatzaile modua.
  • ext4 fitxategi sistema dator lehenetsita. Honek diskoen errendimenduan hobekuntza nabaria suposatzen du.
  • Ubuntu One. "Cloud Computing"-aren printzipioak erabiltzen duen zerbitzua. Zerbitzu honekin zure Ubuntuko fitxategiak sinkronizatuta izango dituzu zure sareko direktorioarekin eta baita beste erabiltzaile batzuekin elkarbanatu. Horretarako 2 GByteko tokia duzu dohan.
  • Ubuntu Software Store. Aplikazio berri onekin softwarea instalatzeko erabiltzen ziren aplikazio guztiak bateratu egin dira aplikazio honetan.

Sistema berri bat instalatzerakoan ere aldaketa batzuk nabarituko ditugu:

  • Informazio pantaila berriak fitxategiak kopiatzen diren bitartean.
  • Erabiltzailearen direktorio pertsonala enkriptatzeko aukera.

Eta baita beste aukera "estetikoagoak": lehenetsitako gaiaren bertsio berria, saioak hasteko pantaila berriak, bolumen kontrola eta sare konexioen kontrola,  eta abar.

Nire ustez bertsio honek nahiko"morbo" sortu du Windowsek ere bere bertsio berria egun hauetan atera duelako baina ematen du Ubuntuk bere aldaketa handia hurrengo bertsioan egingo duela. Oraingoz sistema eta aplikazioak abiarazterakoan badirudi Ubuntuk irabazten duela ikusi bestela hurrengo bideoa.

Harrobia.

Jakintza Ikastolako gazteek ba dakite zer den software librea eta lasaitasunez erabiltzen dute. Ubuntu euskal esperientziak badu harrobia.

Ubuntu. Bost urte.

Gaur dira bost urte Mike Shuttleworth dirudun famatuak iragarri zuena Ubuntu kalean zela. Batzuentzat arraroa suertatu zen lehenengo bertsio hark 4.10 zenbakia eramatea edo "Warthy Warthog" deitzea baina horretan ere desberdina izan behar zen.

Egun hartatik aurrera distro honek ez du inor hotz edo epel utzi. Batzuentzat linux distribuzio hoberena da beste batzuentzat deabrua. Dagoeneko bost urte pasatu dira eta izan duen arrakasta inork ezin dio ukatu, naiz eta norbaitek gehiago nahi izan.

Software librearen aurrerakadaren ispilua dugu Ubuntu eta datorren hastean bertsio berri bat izango dugu kalean. Dirudienez berrikuntza ugarirekin.

Zorionak beraz Ubuntuzale guztioi!

dpkg error code (2)

Orain egun batzuk eguneraketa bat egiterakoan arazoak izan nituen eta ordutik aurrera ezin izan dut eguneraketarik egin. Eguneraketa egiterakoan errore bat agertzen zen; bertan "dpkg error code (2)" irakurri nezakeen. Sarean hari horri tiratuz, dirudienez paketeren bat bikoiztuta dago. Orduan aukeran dauden paketeen zerrenda ezabatuz konpondu da arazoa.

Horretarako ondorengo komandoa erabili dut:

$ sudo dpkg --clear-avail

Impress-eko aurkezpenak era jarraian erakutsi

OpenOffice Impress programa erabiliz aurkezpen bat egin dugu eta gure monitorean lotu barik erakustea nahi izan dugu (dendetako erakusleihoetan egiten den moduan).

Horretarako behin aurkezpena egin duzunean bi pausu eman behar ditugu. Lehenengo eskumako aldean "Aldatu trantsizioa"  eta "Automatikoki geroago" aukeratu. Ondoren diapositiba bakoitzaren denbora aukeratu dezakezu segundotan.

impressauto2.png

Hori egin eta gero, diapositiba guztiak automatikoki pasatuko dira baina azkenengora heltzen denean aurkezpena gelditu egingo da. Guk nahi duguna zera da: amaitzen denean berriro hastea lehenengoko diapositibatik.

Horretarako menuan "Diapositiba-aurkezpena" aukeratuko  dugu eta bertan "Diapositiba-aurkezpenaren ezarpenak". Orduan ondorengo pantaila agertuko da eta bertan "Mota" atalean "Automatikoa"aukeratuko dugu eta ondoren amaitu eta gero zenbat denbora pasatuko den berriro hasi arte segundotan. Zero ipintzen badugu aurkezpena automatikoki errepikatuko da.

impressauto.png

Transmission baino Torrent bezero hobe baten bila

Gari Araolazak idatzia.

Aspaldidanik ernegatuta nenbilen Transmission programarekin.
Transmission da Ubuntuk gomendatzen duen Torrent P2P bezeroa. Besteak beste, deskarga denbora luzeak, deskarga abiadura egonkorrik ez, eta gainera martxan zegoenean ez zegoen nabigatzeko modurik, sare osoa betetzen bait du bere zerbitzuko trafikoarekin. Alde on bat badu, sistemaren baliabide gutxi erabiltzen dituela, memoria bereziki.

Azkenean aurkitu dut ordezko Torrent bezeroa. Deluge

Ubunturen oinarrizko paketeetan datorrenez, instalazioa oso azkarra da. Transmissionek baino aukera gehiago ditu, eta izugarri azkar deskargatzen dira fitxategiak tresna honekin. Asteak pasa ditut zerbait deskargatzen eta egun batetik bestera deskargatu zait Delugerekin.

Antzerako arazoekin ibili bazara, ez egin zalantzarik eta frogatu Deluge.

Zelan aldatu izena fitxategi ugariri.

Argazki kamera askok irudi fitxategiei .JPG (maiuskulaz) extensioa jartzen diete, baina gero badaude aplikazio batzuk extensio hori ez dutela onartzen irudien formatu bezala. Bakarrik .jpg minuskulaz onartzen dute.

Arazo horri aurre egiteko fitxategiei izena (kasu honetan extensioa bakarrik) aldatu behar zaie.

Aurreko batean Pyrenamer aplikazioari buruz hitzegin genuen, baina posible al da terminaletik fitxategi ugariei izena aldatzea pausu batean?

rename  komandoa erabiliz fitxategi bateri izena aldatu ahal diogu edo ingurune grafikoan ere bai saguaren eskumako botoia klikatuz.

Dena den rename komandoak ematen du aukera guk nahi duguna egiteko. Ikus dezagun adibide batekin:

$ rename 's/\.JPG/\.jpg/' *.JPG

Adibide honetan .JPG fitxategi guztien extensioa .jpg-ra aldatuko du