Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Zelan deskonprimitu 7z fitxategi bat Ubuntun

7z gero eta gehiago erabiltzen hasi den konpresio formatu aske bat da eta Ubuntuk ez du formatuko horretako fitxategiak deskonprimitzeko aukerarik ematen.

Funtzio hau lortzeko p7zip paketea instalatu behar dugu repositorioetatik. Horretarako, betiko moduan, aukera ugari ditugu: Software-Biltegia erabilita, Synaptik erabilita edo baita terminal batetik idatziz:

$ sudo apt-get install p7zip

Paketea instalatu ondoren klik bikoitza egiten ba duzu .7z fitxategian deskonprimitzeko aukera izango duzu.

Direktorioak, fitxategiak edo fitxategi talde bat konprimitzeko eskumako botoia klikatuz menu bat agertuko zaigu. Menu horretan Konpresioa... aukera hartuko dugu eta orduan honako lehio hau agertuko da,

7zip

Konpresio formatua aukeratuko dugu, izena ipini eta klik egingo dugu Sortu botoian

Nautilus root moduan abiarazi

Batzuetan gerta liteke aplikazio grafiko bat abiarazi behar izatea root erabiltzailearen baimenekin, horretarako gksu komandoa daukagu, terminal batean exekutagarria dena.

Komando hori era desberdinetan erabili dezakegu, bere sintaxi ohikoena hau izan daiteke:

$ gksu (aplikazioa) -u (erabiltzailea)

Komando honen parametroak ez dira beti sartu behar, aukerakoak dira, eta exekutatu ondoren erabiltzailearen klabea sartu beharko duzu.

Nautilus GNOME proiektuaren fitxategi kudeatzaile ofiziala da. Normalean uneko erabiltzailearen baimenekin abiarazten da baina batzuetan interesgarria egiten zaigu supererabiltzailearen baimenekin abiaraztea. Horretarako nahiko da terminal batean hurrengo komandoa idaztea:

$gksu nautilus

Dena den komando hori panelera ere gehitu dezakegu eta horrela ez dugu terminala abiarazi beharko.

Komando hori panelera lotzeko pausu hauek jarraitu behar dira:

Panelean eskumako botoian klik egingo dugu eta ondorengo lehioa agertuko da.

panela1.png

Panelari gehitu aukeratuko dugu...

panela2.png

Pertsonalizatutako aplikazioen abiarazlea aukeratuko dugu eta agertzen den leihoan datu hauek sartu beharko ditugu:

panela3.png

Kasu honetan adibidez:

Izena: Nautilus root

Komandoa: gksu nautilus

Ados botoian klikatu eta dagoeneko panelean  irudi bat agertuko zaigu, bertan klik eginda nautilus baimen bereziekin exekutatuko da. Kontuz aukera horrekin zer egiten duzun zeren sistema apurtu dezakegu!

Hasiera pantailatik erabiltzaile zerrenda ezabatu Ubuntu 9.10ean

Ubuntu 9.10 instalatu nuenean gauza bat ez zitzaidan batere gustatu: Hasiera pantailan erabiltzaile zerrenda agertzen zen. Agian erosoagoa izan daiteke erabiltzailea sartu behar ez izatea baina niretzat seguritate arazo bat sortzen du horrek. Horregatik zerrenda hori zelan ezabatu bilatzen ibili naiz eta aurkitu dut modua Slice of Linux blogean.

GDM (Gnome Display Manager)  da hasierako pantaila horretaz arduratzen den aplikazioa eta honelako itxura agertzen du 9.10 bertsioan:

hasiera1

Aldatzeko egin behar dena oso erraza da. Terminal bat abiarazi eta hurrengo komandoa idatzi:

$ sudo -u gdm gconftool-2 --set --type boolean /apps/gdm/simple-greeter/disable_user_list true

Saioa ixten badugu berriro hasteko erabiltzailea ere sartu beharko dugu.

hasiera2

"Enter" edo saguarekin klik egin eta gero erabiltzailea sartu beharko dugu.

Hasiera3

Eta azkenik pasahitza.

hasiera4

Noizbait berriro erabiltzaileen zerrenda aktibatu nahi izanez gero komando berdina erabili dezakegu baina azkenengo true ipintzen duen lekuan false ipini behar dugu:

$ sudo -u gdm gconftool-2 --set --type boolean /apps/gdm/simple-greeter/disable_user_list false

Soinu arazoak wine erabilita.

Atzo komentatu genuen nola erabili Spotify Ubuntun. Dena zebilen ondo baina halako batean soinua ebakitzen hasi zen, ez ziren entzuten abestiak,...

Sarean bilatuz ematen du winek ALSA erabiltzen duela eta Ubunturen azken bertsioek PulseAudio erabiltzen dutenez, ba ez direla oso ondo konpontzen.

Blog honetan Wine programaren konfigurazioan aldaketa bat egitea proposatzen dute. Wineren Audio konfigurazioan ALSA desgaitu eta Esound emuladorea gaitu. Eta orain bai, orain oso ondo entzuten da.

Wine cfg

Spotify Ubuntun

Spotify Internetetik musika entzuteko zerbitzua duzu. Katalogo zabala eskaintzen du, baita euskal musikarena ere. Arrakasta handia izan du baina baita kritika batzuk ere zure ordenagailuan bezero pribatiboa instalatu behar duzulako eta baita Linuxerako bertsiorik ez duelako eskaintzen. Gainera aurretik bageneukan Rhythmbox erabilita Jamendo edo Magnatune zerbitzuak erabiltzeko aukera, baina abesti bilduma ez da berdina, ezta gutxiago ere tamalez.

Dena den badago Ubuntun erabiltzeko aukera ere wine erabiliz (aukera hori Spotify webgunean bertan eskaintzen dute). Horretarako lehendabizi wine instalatuta izan behar duzu, (aurreko batean komentatu genuen nola egin) ondoren Windows version of Spotify deskargatu behar da Spotify-ren webgunetik zure direktorio pertsonalera (/home/erabiltzailea).

Orduan bezero aplikazio instalatu beharko dugu wine-rekin:

$ wine "Spotify Installer.exe"

Eta gero Aplikazioak Menuan > Wine > Programs estekan aurkituko duzu programaren ikono berdea; bestela terminal bat zabaldu eta komando hau erabili dezakezu:

$ wine "C:Program Files\Spotify\spotify.exe"

Zerbitzua erabiltzeko bi era dauzkazu, bata Premium ia 10 euro hilean ordainduz eta bestea Free, doan; noizbehinka "promoak" entzun beharko duzun aukera da hau. Bietan izena eman beharko duzu eta ematen du gonbidapena lortu behar dela erabiltzailea izateko. Dena den, ematen du esteka honetan izena eman dezakezula gonbidapen barik. Nik egin dut eta badabil.

Oraindik ez dago euskaraz. Espainolez, ingeleraz eta frantzesez bakarrik.

Ubuntu 9.10 Karmic Koala instalatu eta gero zer?

Azkenean egin dut. Nire laneko ordenagailuan Windows ezabatu eta Ubuntu GNU/Linux bakarrik utzi dut. Baten batek pentsatuko du ba zela garaia baina lizentzia ordainduta izanda,...

Egia esan ez zidan enbarazurik egiten baina nire /home direktorioa handitu beharrak batetik eta ext4 fitxategi sistemaren abantailak ikusirik erabakia hartu dut.

Eta esan behar dut oso pozik nagoela, ordenagailu berria daukat!

Behin erabakia hartu eta gero sistema instalatzen hasi naiz zerotik hasita. Lehenengo eta behin nire datuen babes kopia bat egin dut eta gero ordenagailua berrabiarazi dut CD irakurgailuan sistema eragilearen diskoa sartuta.

Sistema instalatzeko aukera  hautatu, euskara hautatu instalazio hizkuntza moduan eta aurrera. Aurreko instalazioetatik oraingoan irudi informatiboak agertzen dira denbora hobeto pasatzeko.

Partizioen pantailara heltzerakoan nik hiru egin ditut eskuz eta disko osoa aukeratuz; bat sistemarentzat (/), beste bat nire fitxategi eta datuentzat (/home) eta swap partizioa. Oso inportantea da zure /home direktorioa partizio desberdin batean izatea horrela zure konfigurazioak eta ondo babestuta izango dituzu eta oso era errazean  leheneratu dezakezu.

Ondoren egiteko lehenengoko gauza Software jatorriak ondo dauzkazula egiaztatzea da. Horretarako Sistema > Administrazioa > Software-jatorriak aukeratuko dugu, pasahitza sartu eta universe, restricted eta multiverse jatorriak aktibatuta ditugula egiaztatuko dugu.

Ondoren Eguneraketa-kudeatzailea erabiliko dugu sistemaren azken eguneraketak instalatzeko.

Hau egin eta gero, ziuraski  sistemak abisu bat emango du. Abisu horretan Hizkuntza paketeak ez daudela osorik instalatuta abisatuko digute eta euskarazko paketeak instalatuko ditugu. Sistema prest dago euskaraz baina nik beste doikuntza batzuk egin dizkiot.

Ubuntu Software Biltegia erabiliz OpenOffice.org Office Suite instalatu dut zeren adibidez Base ez du instalatu defektuz. Nik ez dut askorik erabiltzen baina...

Gogoratu euskaraz instalatzen baduzu zure sistema Ortografia zuzenketa ere euskaraz izango duzula lehenetsita.

Gero mp3 eta divx kodeak eta baita java eta letra tipoak instalatu ditut restricted extras instalatuz. Horretarako terminal batean hurrengo komandoa idatziko dugu,

$ sudo apt-get install ubuntu-restricted-extras

Ondoren Firefox-eko gustuko gehigarriak instalatuko ditugu: euskalbar, delicious, fireftp eta downloadhelper.

Gogoratu zure sistema euskaraz instalatzen baduzu nabigaziorako lehenetsitako hizkuntza hori izango dela eta beraz ez duzu hori konfiguratu beharrik.

Azkenik aukera garrantzitsuena, Thunderbird utzi eta Evolution erabiltzea. Kostatako erabakia izan da baina horrela garbiketa egin dut. Nire posta kontuak konfiguratu eta listo.

Atzo Bilbo Hiria Irratian.

Atzo oso ondo pasatu nuen Patxi eta Jabirekin irratian. Ubunturi buruz, Eskola 2.0 proiektuari buruz eta beste gauza askori buruz hitz-egin genuen. Programa osoa entzun nahi baduzu irratia.com-en daukazu.

Gaur irratira

Bilbo Hiria Irratiko Patxi Gaztelumendik gonbidatuta, arratsaldeko seietan, irratian izango gara Ubuntu sistema eragileari buruz nontzeberri, eta baita Ubuntu Basque Experience proiektuari buruz hitz-egiten ere.

Zuzenean entzuteko 96.0 FM dialean daukazue edo bestela uste dut Patxik eta Jabik irratia.com webgunean eskegiko dutela grabazioa.

Ubuntu 9.10 Karmic Koala. Lehen inpresioak.

Bueno, egin dut eguneraketa 9.04tik 9.10era eta nahiko ondo joan da asuntoa. Ia ordu bete iraun du eguneraketa jaistea eta instalatzea.

Nabaritzen den lehenengoko gauza sarrerako prozesua aldatu dela da: irudiak, estiloa,... Dena den, ez zait gustatzen hasierako pantaila, zeren eta erabiltzaileak ez dira eskuz sartu behar. Zerrenda batetik aukeratu behar duzu zure erabiltzailea eta niretzako horrek seguritate arazoak ekar litzake.

"Theme" berria ere ez da ezer berezia. Laranja kolorea marroiarengatik aldatu da.

Kernelaren eta Gnomeren bertsio berriak uste dut nabaritzen direla ordenagailua abiarazterakoan.

Hasiera baten hizkuntza sostengua ez da osorik instalatu eta horrek arazo txiki batzuk sortu dizkit. Behin hizkuntza sostengua instalatuta arazo guztiak desagertu dira. Dena den, OpenOffice-eko Impress, Base eta Calc desagertu egin zaizkit menuetatik. Honek Ubuntu Software-Biltegia erabiltzeko aukera eman dit zeren badirudi dagoeneko OpenOffice-ko euskarazko bertsioa repositorietan dagoela. Ba zen garaia! (Instalazio garbi bat euskaraz egiten baduzu ere badirudi ondo instalatzen dela euskarazko bertsioa).

Software-biltegia oso aplikazio ona iruditu zait eta asko errazten du aplikazio berriak instalatzea. Gainera informazio piloa eskaintzen du aplikazio bakoitzeko.

Bideo txartelaren kontrola hobeagoa ere nabaritu dut. Leihoak azkarrago ireki eta ixten dira. Lehenetsitako karaktereak ere hobeto ikusten dira.

Azkenik makina oso azkar itzaltzen da. Nik esango nuke hiru lau segundotan itzali dela.

Oraindik ez dut beste gauza nabarmenik ikusi. Hori bai, ematen du ordenagailu berria daukadala!!

Badator Ubuntu 9.10 Karmic Koala

Bihar urriak 29 kaleratuko da Ubunturen 9.10 bertsioa, Karmic Koala izena duena.

Bertsio berri honek agian ez du ekarriko espero zen iraultza eta hurrengo apirilerarte itxaron beharko dugu. Dena den koala honek ere badakar zenbait berrikuntza bere sakelean:

  • Lehenbiziko aldaketak sistema abiarazterakoan nabarituko ditugu, bai irudiari dagokionez eta baita abiadurari. Gainera Grub2 erabiltzen du abiarazteko kudeatzaile modua.
  • ext4 fitxategi sistema dator lehenetsita. Honek diskoen errendimenduan hobekuntza nabaria suposatzen du.
  • Ubuntu One. "Cloud Computing"-aren printzipioak erabiltzen duen zerbitzua. Zerbitzu honekin zure Ubuntuko fitxategiak sinkronizatuta izango dituzu zure sareko direktorioarekin eta baita beste erabiltzaile batzuekin elkarbanatu. Horretarako 2 GByteko tokia duzu dohan.
  • Ubuntu Software Store. Aplikazio berri onekin softwarea instalatzeko erabiltzen ziren aplikazio guztiak bateratu egin dira aplikazio honetan.

Sistema berri bat instalatzerakoan ere aldaketa batzuk nabarituko ditugu:

  • Informazio pantaila berriak fitxategiak kopiatzen diren bitartean.
  • Erabiltzailearen direktorio pertsonala enkriptatzeko aukera.

Eta baita beste aukera "estetikoagoak": lehenetsitako gaiaren bertsio berria, saioak hasteko pantaila berriak, bolumen kontrola eta sare konexioen kontrola,  eta abar.

Nire ustez bertsio honek nahiko"morbo" sortu du Windowsek ere bere bertsio berria egun hauetan atera duelako baina ematen du Ubuntuk bere aldaketa handia hurrengo bertsioan egingo duela. Oraingoz sistema eta aplikazioak abiarazterakoan badirudi Ubuntuk irabazten duela ikusi bestela hurrengo bideoa.